Atzealdea Gipuzkoak AA seguruaren aldeko apustua indartu du, industria-lehiakortasuna bultzatzeko
Gipuzkoak AA seguruaren aldeko apustua indartu du, industria-lehiakortasuna bultzatzeko
ZIURek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako IndustrySec 2026ren seigarren edizioan 290 pertsona baino gehiago bildu dira Ficoban. Inoizko bertaratze handiena izan du, eta oso-osorik AAri buruzkoa izan da lehen aldiz
Gipuzkoa IndustrySec 2026k 290 pertsona baino gehiago bildu ditu gaur Ficoban. ZIUR Gipuzkoako Industria Zibersegurtasun Zentroak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero antolatzen duten topaketa honetan, bertaratze-errekorra izan da. ‘Estrategiatik industriako AA planaren errealitatera’ izenburupean, seigarren edizioak adimen artifizialaren aukerak industriara nola eraman aztertu du, zibersegurtasuna lehiakortasuna indartzeko oinarrizko baldintza gisa txertatuz.
Lehen aldiz, IndustrySec-ek adimen artifizialari eskaini dio oso-osorik bere programa, gogoeta estrategikoa, gomendio praktikoak eta enpresen esperientziak uztartuz. Jardunaldiak ZIURrek enpresentzat topagune eta lagun egite gisa duen zeregina nabarmendu du, berrikuntza-aukera berriak zabaltzen dituen baina gero eta konplexuagoak diren arriskuei aurrea hartzea ere eskatzen duen eraldaketaren aurrean.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak ireki du topaketa, industriak lurraldearen garapenean duen pisua aldarrikatuz. “Industria da gure ongizatearen bizkarrezurra”, esan du, berrikuntzan, ezagutza aurreratuan eta gaitasun teknologikoetan oinarritutako eredua nabarmenduz. Horri lotuta, gogora ekarri du Cotec Fundazioaren arabera Gipuzkoa dela Estatuko enplegu teknologikoaren proportziorik handiena duen lurraldea, guztiaren % 11,5a, hain zuzen.
Mendozak azpimarratu duenez, indar hori zaintzea funtsezkoa da hurrengo belaunaldien ongizaterako, eta helburu hori teknologia berrien erabilera seguruarekin lotu du. “Gure industriaren eraldaketa teknologiko betean, funtsezkoa da adimen artifiziala prozesu industrialen segurtasuna arriskuan jarri gabe aprobetxatzea”, esan du.
Diputatu nagusiak, era berean, enpresa-ehuna bere etapa ezberdinetan laguntzen duen industria-enpresek, erakundeek, berrikuntza-poloek eta beste hainbeste agentek osatzen duten ekosistemaren indarra nabarmendu du. Lankidetza hori indartzen jarraitzeko beharra defendatu du, AAren eta zibersegurtasunaren erronkei aurre egiteko eta haien aukerak lehiakortasunerako hobekuntza bihurtzeko.
Potentzial teknologikotik adopzio seguruko estrategiara
ZIUReko zuzendari nagusi Maria Penillak aurtengo edizioaren ikuspuntua azaldu du irekiera instituzionalaren ondoren: “Zalantzarik gabe, AAk orain arte ikusi ez dugun iraultza teknologiko bat suposatzen du. Internetek sortu eta zazpi urtetara lortu zituen 100 milioi erabiltzaile; Instagramek bi urte eta erdi behar izan zituen kopuru horretara heltzeko. Chat GPT-ek bi hilabetetan soilik lortu ditu”. AAk bizi duen zabalkuntzaren aurrean, Penillak eztabaidak “teknologia beratik hasi eta berme guztietin txertatzea baimenduko duten hartuko ditugun erabakietarantz” jo behar duela azpimarratu du.
Datuen gobernantza, adimen artifizialaren planen definizioa, araudia, etika eta, bereziki, zibersegurtasuna izan dira haren hitzaldiaren ardatz. “IndustrySec 2026rekin inspiratu eta hausnartu nahi dugu”, adierazi du Penillak, topaketa ezagutza partekatzeko eta enpresei hurrengo urratsak orientatzen laguntzeko gune gisa kokatuz.
Hitzaldi nagusietako bat, ‘Mugako AAren erronkak ingurune industrialean, eta horiek nola arindu’ izenburupean, Raúl Guillén TrendAIko zibersegurtasun-estratega europarrak emandakoa izan da. Guillenek nabarmendu du erakundeen prestakuntza erasoen aurrean duten benetako esposizioaren arabera neurtu behar dela: “Ingurune industrialetan, axola duen metrika bakarra ez da zenbat ahultasun dituzun, oraindik ere zenbat diren ustiagarriak baizik. 2026an 300 segurtasun-ahultasun inguru ditugu egunean, 2025ean baino bi aldiz gehiago, eta erasotzaileek askoz lehenago hustiatzen dute arrakala hori. Lehen asteak igarotzen ziren detektatzen zenetik, orain minutuak pasatzen dira", azpimarratu du.
Era berean, zibersegurtasunean adituak gaineratu du “ziberkrimena profesionalizatu dela; etekin handiena lortzen duen industria da. Garaje batean dagoen edozein gaztek eraso oso sofistikatua egin dezake, are gehiago orain AA erabiliz”. Guillenek, azkenik, autoebaluazioa, AAren kulturaren sorrera, haren gobernantza eta adabakiak aplikatzeko epeen murrizketa barne hartzen dituen gomendio-dekalogoa aurkeztu du. Halaber, mehatxu berriei aurrea hartzea, hedatu aurretik irtenbideak arriskuak detektatzea, dagoeneko ekoizpen-fasean dauden sistemak berrikustea, intrusio bat gertatzeko aukera kontuan hartuta diseinatzea, eraso-azalera kudeatzea eta erantzun-denborak murriztea defendatu du.
Enpresen esperientziak, bermeekin aurrera egiteko
Programak teknologia horien aplikazio zehatzak ere hurbildu ditu, ‘AA industria-eraldaketarako palanka gisa: benetako erabilera-kasuak’ izenburupean eman diren hitzaldien bidez. Horietan, Ion González Grupo Gourmet Okineko CIOak, Joana Azqueta CAFeko Datuen eta AAren korporazio-arduradunak eta Aitor Apalategi SALTO WECOsystem Groupeko laguntza-prozesuen arduradunak hartu dute parte.
Bestalde, Iratxe Ijalba Mutualiako Informazio Sistemen zuzendari eta Segurtasun arduradunak, Mikel García VENANPRI Groupeko (BELLOTA Herramientas) Informazioaren Segurtasun arduradunak eta Iñaki Calonge CONNECT GROUPeko IT Integrazioko eta Kontratuen eta Hornitzaileen Kudeaketako arduradunak segurtasun-estrategiak teknologia horien ezarpenean nola txertatu aztertu dute.
Orain arteko parte-hartzerik handienarekin, IndustrySec-en seigarren edizioak ezagutzaren, industriaren eta erakundeen arteko konexio-gune gisa duen zeregina indartu du. Topaketak agerian utzi du garrantzitsua dela Gipuzkoako ekosistema indartzen jarraitzea; horretarako, ZIUR da enpresei adimen artifiziala segurtasunez txertatzen eta haren potentziala berrikuntzarako eta lehiarako aprobetxatzen laguntzen dien eragilea.